Road Movie antzeko bat Euskal Herrian barrena. Uliak bere sorterria
erakutsi nahi dio bikotekideari, eta ibilbide lasai bat prestatzen dute,
udan zehar, bigarren mailako errepideetan, Gustavoren BMW berrian
egiteko. Dena ez da horren lasaia, ordea. Uliak badu aitortu gabeko
sekreturik eta bidean topaturiko ezagunen batek ekaitza iragartzen du
bikotearen harmonian, zeruko laino beltzen antzera.
Trebezia handia erakusten du Katixa Agirrek bere lehenengo eleberri
honetako hari mataza desberdinak josten: 1976ko martxoko Gasteizko
borrokak agertuko dira batean, Benjamin Britten konpositore ingelesa
beste batean... Pertsonaiek Lekeitioko hondartzak, Arabako bailarak,
Bilboko kokteleriak edo Baztango baserriak bisitatu ahala, dotoreziaz
konbinatuko ditu egileak solas arinak eta hainbat gairi buruzko gogoeta
finak.
Please note: This audiobook is in Basque.